Arriaga Antzokian Una historia de Bilbao antzezlana estreinatuko da bihar eta etzi, urriaren 23 eta 24an. Lander Otaolak idatzi du, eta Ramón Ibarraren zuzendaritzapean Lander Otaola bera eta Asier Hormaza protagonistak izango dira.
Aipaturiko bi aktoreek euskal familia baten 100 urteko historia antzeztuko dute, eta “arrotzak egingo ez zaizkigun hainbat pertsonaia hezurmamituko dituzte. Izan ere, eszenan kontatzen denaren eta publikoaren arteko hurbiltasun sinbolikoa interes handi bat da obra honetan, non dagoeneko itzuliko ez den Euskal Herri industrial, herdoildu, peto-peto eta eder bati omenaldi nostalgikoa egiten zaion. Edozein auzotakoak, kalean, lokatzetan eta kaian ibili garen guztiak, hunkitzen eta zirikatzen dituen ikuskizuna da Una historia de Bilbao”.
Paisaia eta giroa bertako-bertakoa ere izango da eta “kutsatutako itsasadarren, pintaden, xiringen, bilbainaden, euskalkien eta arazo politikoen artean, bi aktoreek eskainiko diguten emanaldiak klasiko ugari biltzen ditu, eta, aldi berean, bat ere ez. Izan ere, dramaturgiak zinemako izenburu enblematikoetatik edaten du, antzerki-artefaktu oso dibertigarri bat eraikitzeko, eta, umorearen eta nostalgiaren bidezko dosiak nahastuta, publikoa liluratzeko”
