Euskadiko Filmategiak antolatuta, Artium Museoak Euskal emakume zinemagileak I zikloa hartu du. Bertan euskal emakume zinemagileen bederatzi film proiektatuko dira, tartean Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy, Julia Juaniz, Bertha Gaztelumendi, Helena Taberna, Aizpea Goenaga, Mireia Gabilondo, Ana Diez eta Maite Ruiz de Austriren lanak. Euskal emakume zinemagileen zikloa hiru urtez luzatuko da gutxienez, film luze bat behintzat filmatu duten euskal emakume zinemagileen talentua erakusteko.
Gaur, azaroaren 11n, osteguna, Kamarada (Julia Juániz, 2019) filma proiektatuko dute. “Celestino Uriarte askatasunaren aldeko borrokan bere bizitza eman zuen iraultzailea izan zen. Haren biografiak, hainbat testigantzen bidez, errepublika sozialaren eta nazioen autodeterminazioaren alde borrokatu zuten eta kapitalismoaren eta faxismoaren aurka fronte ezberdinetan egon ziren pertsonen ametsetan barneratzen gaitu”.
Datorren astean, azaroaren 18an, Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993) filmaren txanda izango da. “Ikerri eskola-garaiko irudiak eta oroitzapenak pilatu egiten zaizkio eta bere haurtzaroko hainbat lagun erreskatatzen ditu pentsaera askeko andereño ausarta den Klararen oroitzapenekin. Gerran garaitutakoen seme-alabak ziren haur talde baten bizitzaren zati bat alaitasunez, musikaz eta askatasunez bete zuen andereñoak Frankoren diktadurak hogei urte bete zituen garaiko Iruñean”.
Hil honetako azken emanaldia azaroaren 25ean, eta data horretan emanaldi berezia antolatu da: Les meres espagnoles & La marche des femmes à Hendaye (Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder, 1975). Lehenengo lanean honakoa kontatzen da: “Erregimen frankistak heriotza-zigorra aplikatu eta betearazi du bi ETAkideren eta FRAPeko hiru kideren aurka. Carole Roussopoulosek eta Ioana Wiederrek ahaideen hitzak jaso dituzte, horien artean, Sanchez Bravoren arrebarenak, eta Otaegiren eta Txikiren amenak.”
Eta La marche des femmes à Hendaye-k honako gertaera bildu du: “1975eko urriaren 5ean, Frantzia osoko mila emakume inguru bildu zen Hendaian, erregimen frankistak bi ETAkide eta FRAPeko hiru kide hiltzearen aurka manifestatzeko”.
Zikloaren gaineko xehetasun guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.
