Nontzeberri

Euskal ahozkotasuna ikergai, UEUko ikastaroetan

Euskal ahozkotasuna eta irudimena: ondarea, sormena eta transmisioa izeneko ikastaroa antolatu du UEUk datorren hilabeterako, Eibarko Markeskoa Jauregian.

Ikastaroan hainbat galdera planteatuko dira: Euskal mito, ipuin eta bertsoak aho-belarritik jasotzeak nolako ardura dauka? Irudia, irudimen eta ahozkotasunari lotzen zaien hitzak nolako eragina dauka herriaren zentzu-egitura eraikitzean? Ahozko kontakizunek zer eta nola erakusten dute? Haien transmisioa nola bideratu?

Ikastaro honek mahai gainean jarri nahi du, “azken hamarkadetako zenbait mito-biltzaile eta ahozkotasunaren ikertzaileren eskutik, eta honakoa lortu: batetik, ahozko bilketaren oinarri eta eginkizuna ezagutuz, Euskal Herriko bizitza eta ondarea nola eratzen duen ulertu, eta bestetik, jasotako ahozko ondarearen izaera eta transmisioa zaintzen ikasi. Azkenik, eta ondorioz, ahozko hitzaren esan-indarrak herri ikuspegia nola eratzen duen eztabaidara ekarri nahi da.”

Ikastaroa bereziki zuzenduta dago hizkuntzak eta literaturak, ahozkotasunak eta irudimenak, herriaren jakituria eta ondare egiteari buruzko kezka duen ororentzat, artea, kultura eta herritasunari buruzko gogoeta egiten duen ororentzat, eta ahozko tradizioa nola batu ikasi nahi duenarentzat..

Juan Manuel Etxebarria Ayesta, Maialen Moreno, Xarles Videgain, Maite Deliart, Luzia Alberro, Jokin Apalategi, eta Jon Mentxakatorre Odriozola adituek hitzaldiak egiteko ardura izango dute.

Ikastaroaren gaineko jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version