Euskadi izenburua du Loraldia Festibalak eta UPV/EHUk atzo aurkeztu zuten gure lurraldeari buruzko 3Dko lehenengo film zaharrak. René Le Hennaff-ek zuzendu zuen 1936an. Hil honetan hainbat emanalditan proiektatuko da Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan.
Loraldia Kultur Elkarteko koordinatzaile Mikeldi Uribe-Etxebarria, Bizkaiko Campuseko erretoreorde Patxi Juaristi, Bea Narbaiza irakasle eta Nor ikerketa taldeko ordezkaria eta EHUko ikertzaile Josu Martinez adituak aurkikuntzaren gaineko datuak eman zituzten atzoko prentsaurrekoan. Izan ere, Euskadi ez da soilik “Euskal Herriari buruzko lehenengo 3Dko filma, baizik eta garai hartan teknika hori erabiliz egindako bakarretako filma” .
Euskadi filmak bat egiten du beste hainbat dokumental atzerritarrek planteatutako “euskaldunak irudikatzeko imajinario erromantikoarekin, baina oraingoan beste gai batzuk ere agertzen dira, adibidez, hirietako irudiak eta turismoaren gaia”.
Euskadi 1937ko apirilean estreinatu zen, Pariseko Olympia teatro famatuan. Zinema munduko hainbat pertsonalitate izan ziren estreinaldian, tartean Lumière bera, eta kritika onak izan zituen.
Loraldia Festibalak film historiko honen proiekzio hauek antolatu ditu: Iruñeako Punto de Vista Zinemaldian (martxoak 11); Bilboko Azkuna Zentroan (martxoak 15, Loraldia Festibalaren barruan eta Josu Martinezek aurkeztua); Donostiako Tabakaleran (martxoak 23); eta Baionako Atalante zine-aretoan (martxoak 24). Euskadi filmaz gain, emanaldi hauetan guztietan beste bi dokumental suediar erakutsiko dira: Basker eta Bonde i Baskerland.