Nontzeberri

Eugène Ionesco eta Katherine Mansfield idazleen lanak euskaraz

Eugène Ionescoren Emakume abeslari burusoila eta Katherine Mansfield Lorategiko festa lanek argia ikusi dute euskaraz. Jon Muñoz eta Anton Garikano izan dira lan hauen itzulpenenaz ardura hartu dutenak.

Eugène Ionescoren Emakume abeslari burusoila izeneko lanean lau pertsonaia normal, egongela normal batean, solas ustez normal batean… Normaltasun ororen azpian ezkutatzen den absurdoa eta zentzugabekeria nabarmen uzten dizkigu egileak, literatura unibertsaleko eta antzerkiaren historiako pieza ezinbestekoa bihurtu den obra honen bitartez.

Eugène Ionesco (Slatina-Errumania, 1909 – Paris, 1994) Errumanian jaio arren, txikitatik ibili zen joan-etorrian sorterriaren eta Frantziaren artean, eta azken herrialde hau hautatu zuen bizilekutzat, baita bertako hizkuntza adierazpidetzat ere. Absurdoaren teatroaren aitatzat jotzen da, baina bere idazlanetako egoera zentzugabeen atzean taupaka suma liteke egungo gizon-emakumeon bakardadea, baita gure bizimoldeen hutsalkeria ere. Egilearen beste antzerki-lan ezagunenetakoak dira: Aulkiak (1952) eta Errinozerontea (1959).

Beste aldetik, Mansfield izan zen XX. mende hasierako Ingalaterrako idazlerik puntakoenetakoa, eta garaiko emakumearen egoera ondoen jaso zuena. Burgesia zuen jatorrizko bizi-giroa, baina ikuspegi kritiko batez erreparatzen dio bere klaseari eta beronen konbentzionalismoari. Sentsibilitate erne bat, hitzen erabilera zehatza, deskribapenetarako begi zorrotza… horra autore ahaztezina bihurtu duten ezaugarrietako batzuk.  

Katherine Mansfield Zeelanda Berrian jaio zen 1888an eta Frantzian hil zen 1923an. Bizitza sentimental gorabeheratsua izan zuen, eta gaixotasunak gazte eraman zuen. Ipuinak idatzi zituen batik bat, eta generoaren egile gorenetakotzat jotzen da gaur egun.

Exit mobile version