Hilabete batez errezitaldiak, irakurketak, musika emanaldiak, lehiaketak eta abarrak publiko katalana euskal literatur zaletzen ahaleginduko dira. Literaldia, hilaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunarekin.
Egitarauari dagokionez, etzi Edorta Jimenezek euskal literatura erotikoari buruzko hitzaldia emango du. Ostiralean, berriz, Euskal literatur kritika eta egungo kanona gaia jorratuko duen mahai ingurua izango da. Bertan Edorta Jimenez, Iratxe Retolaza, Beñat Sarasola, eta Aritz Galarragak parte hartuko dute.
Hilaren 23an, asteartea, duela gutxi Txilen atxilotu duten Asel Luzarraga idazlearen egoeraren inguruko hitzaldia izango da Lutxo Egia idazle eta Euskal Pen Klubeko kidearen eskutik. Berarekin batera, maputxeen ordezkari bat eta Kataluniako Pen Klubeko kide bat izango dira. Ostiralean, hilak 26, Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka liburua aurkeztuko du Marc Bioscak.-
Apirilari dagokionez, 7an, asteazkena, Irakurle Kluba egingo dute eta bertan Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelaren inguruan arituko dira. Hilaren 14an, berriz, Babel o barbarie. Una política lingüística legítima y eficaz liburua aurkeztuko du Patxi Baztarrikak. Egun berean, Harkaitz Canok Literatura DJ-ren garaian hitzakldia emango du. Donostiarrak, gainera, bigarren berbaldi bat ere eskainiko du: Zinea eta literatura: begiaren ajeak (apirilaren 15ean).
Apirilaren 21ean, poesia izango da protagonista. Izan ere, Beñat Sarasolak poesia-errezitaldi komentatua eskainiko du. Egun horretan, gainera, Itziar Zigak Devenir perra eta Un zulo propio lanak aurkeztuko ditu. Azkenik, apirilaren 22an, Kirmen Uribek Hau ez da nobela bat hitzaldia gidatuko du.
Hauek dira Literaldia 10 ekimenaren barruan atondu duten egitarau zabaleko ekitaldi nabarmen batzuk. Programaren xehetasun guztiak ekimenaren webgunean kontsulta daitezke.
Euskal Kultura Boletinak bidalita