Xabier Amurizak gaurkoturiko Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae bertsio-itzulpena, Etxepare, jalgi hadi batura izenekoa, Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko du bihar, hilak 17, 19:00etan hasiko den saio batean. Ekitaldi hau Nortasuna+ erakusketaren harira antolatu da.
Dakizuenez, idazle eta bertsolariak Bernart Etxepareren lan hori euskara batura ekarri eta egungo errima eta neurrietara moldatu du. lan hori jorratuko du Xabierrek berbetan, bertsotan eta kantuan ere. Bere hitzetan: “Etxepare gure lehen idazlea da. Lehenengoa bat da beti, eta betiko. Eta lehenengoa izatearen kontzientzia argia, garailea, euforikoa erakusten du. Ez francesa ez berceric, oray ezta erideyten Heuscararen pareric”.
Zer dela eta lan hori? Hona hemen bere erantzuna: “Etxepareren bertso-teknika (errima, batez ere) ahula da gaurko ikuspegitik. Eta bariazio gutxikoa. Horregatik pentsatu nuen itzulpen soila baino interesgarriago litzatekeela bertsio-itzulpen bat. Errima bariatzen eta neurria zehazten hasiz gero, ordea, nola eutsi diskurtsoari bere hartan? Nire ahalegin nagusia izan da emaitza izan zedila Etxepare, eta ez ni. Hots, bertsio-itzulpenak ukan zezala haren eduki eta aire osoa. Aitortu behar dut, lortu dudan neurrian (baietz uste dut), ahalegina gozamen handia izan dela”.