Nontzeberri

Etsaiakeroak taldeak “Lur Errebeldean” disko labur eta askotarikoa argitaratu du

Etsaiak taldeko abeslari ohi Auoak abiatu zuen iaz EtsaiakEroak taldea, bost kantuko Naufragoak (Baga Biga) izenburuko estreinako EPa tarteko. Bada, lekeitiarrak bigarren erreferentzia aurkeztu berri dute, sei abesti biltzen dituen Lur Errebeldean izenburuko EPa; hori ere BagaBiga diskoetxearen bitartez argitaratu dute.

Baga Biga diskoetxearen arabera, “EtsaiakEroak taldeak musika ulertzeko modua muturrekoa da, erdibidekoa bide ertzean utzita. Abiadura ahotsean, raparen trebetasuna, ziztu bizian gitarretan, baxuan txinparta, baterian kolpe zorrotza eta latza eta perkusioetan bizipozaren kontrapuntua. Trinko eta kamutsik gabe doa hardcorea metalaren ondarearekin babestuta eta punkaren keinuekin lagunduta”. Hala, grabazioa askotariko elementuekin ondutako muturreko proposamena da: perkusioak, samplerrak, rap, txalaparta edo alboka, besteak beste.

Azpimarragarria da Aurrera Eskuak aurreskuaren bertsioa. Taldearen aburuz, “bihotzez egin diogu aurreskuari bertsio hau. Letra oso zuzena da. Denok ukitzen gaituzten gaiak jorratu ditugu: askatasuna, beti aurrera, tinko eta denok batera. Betiko hitzak dira baina une egokietan garrantzi gehiago hartzen dute. Gero datoz txalaparta, alboka, irrintziak… hor daude euskaldunen sustraiak”.

EtsaiakEroak taldearen bigarren lana Axular Arizmendik grabatu eta nahastu du 2017ko urrian Mutrikuko AME estudioan. Soziedad Alholikakoa Juanek, gainera, ahotsa sartu ditu Abuso del poder kantuan.

Hauexek osatzen dute EtsaiakEroak: Jon Estankona, bateria; Dann Hoyos, gitarra eta koruak; Auo, ahotsa; Axular, perkusioak, samplerrak eta ekoizpen orokorra eta Josu Holly Brandy, gitarra eta koruak.

Exit mobile version