Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan ez ohiko proposamen bat egiten dute: Etena arte ez-erakusketa. Erakusketa publikoari zabalik egongo da, baina erakusketa hutsik egongo da.
Ekimena honela azaldu dute antolatzaileek: “erakusketa irekia egongo da astebetez, baina hutsik. Egitaraua zabalduko dugu, baina ez dugu ezer egingo (inaugurazioa izan ezik). Erakusketa zabalik dagoen bitartean, bisitariek galdera honen erantzuna idatzi ahal izango dute erakusketa hutsean: “Zer zen zuretzat kultura lehen, zer nahi zenuke izatea gero?”.
Aurten Ez-erakusketa honen bitartez ez dugu artista plastiko bat gonbidatuko, artista horrek ez du baldintza duinetan lan egingo, ez da bitartekaritzarik egingo haur eta gazteekin, ez da lantegi irekirik egingo, ez da performance osagarririk antolatuko. Bai egongo da, ordea, inaugurazioa: maiatzaren 22an, 19:00etan, eta bertara gonbidatu nahi genuke kulturzale oro. Inaugurazioan elkartzeko aukera izango dugu, eta gogoetarako gonbitea luzatuko diogu etortzen direnei: pareta batean idatzi ahal izango dute “Zer zen zuretzat kultura lehen, zer nahi zenuke izatea gero”.
Ekimenak azkenaldian erakunde publikoen aldetik izan dituen babes galerak eta, era berean, kultur ekitaldiak antolatzeko gogoa eta beharra aldarrikatzeko nahiak bultzatu gaituzte udaberrian 21 Aulki era honetan antolatzera. Honen bitartez gogoeta egin nahi genuke, zorroztasunez eta umorez: erakundeen kultur politiken norabideaz – edo norabide faltaz -, prekarietateaz, auzolanaz eta testuinguru horretan kultur eragileok dugun arduraz eta paperaz”.
