Nontzeberri

Eszenatoki batean erakutsi ohi ez dena zabaltzeko

Uharte Zentroak Ob Skena egoitza deialdia luzatu du, esparru eszenikoan oinarrituz ikerketa prozesu bat garatzeko interesa duen edozein alorretako artistei zuzendua.

Ob Skena “eszenatoki batean erakutsi ohi ez dena eszenara gerturatzeaz datza, ikusgaitasunaren mugatik haratago joatea. Era berean, eszenikoaren zabalkundea ematea eta mota guztietako praktika artistikoak bere baitan hartzean datza, esaterako, proposamen eszenikoak, instalazio, arte komunitario, digital edo interaktibo gisa ere adieraztean”.

Bertan parte hartuko duten artistak bilduko dira, elkarreragina sor dadin jakintza eta praktiken trukaketarako, eta hainbat formatu erabiliko dira: “hitzaldi performatibo bat, koreografia bat, ikusleekin elkarrekintza jolas proposamen bat, erakusketa eta bideo bidezko azalpenak, ildo batzuk emanez ibilbide bat… artistek eztabaidagai izan dituzten ideiak entzuleen eskura jartzeko”.

Egoitzak artista edo kolektibo bakoitzarentzat 2.000€ eskainiko ditu, eta lanerako lekua, Uharte Zentroan, bertako baliabide tekniko eta teknologikoak barne, bai eta lantaldearen jarraipen eta aholkularitza ere.

Deialdia martxoaren 4an itxiko da, eta hilabete bat geroago  hautatuen jakinarazpena egingo da. Egoitzaren iraupena 6 eta 8 aste bitartekoa izango da, maiatzaren eta ekainaren artean.

Interesa izanez gero, hemen dituzue jakingarri guztiak.

Exit mobile version