BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolaturiko Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdiaren XXII. edizioa ekainaren 4tik 7ra egingo da Barakaldo Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan, Campos Antzokian, BBK Aretoan, Kafe Antzokian eta Zart aretoan.
ACT nazioarteko jaialdiaren helburu nagusietako bat mundu osoko arte eszenikoen arloko erakunde, espazio, proiektu eta artisten artean harremanak ezartzea eta aukerak sortzea da.
Urtero, ACTek gai bat aukeratzen du eszena garaikideari buruzko hausnarketa gisa. Aurten begirada desberdinetan jarri nahi dute fokua. Edizio honek “izaera identitario nabarmena duten lanak biltzen ditu. Izakia eta bere nortasun soziala, identitatearen eta generoaren muga jariakorrak, folklorearen egiturak jorratzen dituen gorputza, eszenako gorputzak bustitzen dituen aurreiritzia, Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboa edo gaur egungo emakumearen barne-kuestionamendua dira jaialdian ikusi ahal izango diren piezek landuko dituzten gaietako batzuk”.
Edizio honetan Ekuador, Alemania, Italia, Frantzia, Suitza, Nikaragua eta Koreako taldeak ikusi ahal izango dira, bai eta estatuko eta Euskal Herriko konpainiak ere. Aurtengo ediziorako ia 500 eskaera jaso dira kontinente guztietatik, eta deialdia itxi ondoren hautaketa batzorde batek aurtengo edizioko piezak aukeratu ditu.
Programazioan15 ikuskizun baino gehiago bilduko ditu (antzerkia, dantza edo performancea) eta gainera, jaialdiak publikoaren eta sektoreko profesionalen arteko tailerrak eta topaketak ere antolatu ditu.
Jaialdiak Bilboko Udalaren, Barakaldoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Acción Cultural Españolaren babesa du.
Egun hauetako programazioa zehatza ikusteko: ACT