Nontzeberri

Estreinaldi bikaina Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian

Bihar, irailak 30, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioaren inaugurazioan Sleepwalk Collective, Proyecto Larrua, Parasite Kolektiboa eta Tripak Arabako konpainiek sortutako Plató ikuskizuna estreinatuko da Gasteizko Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian, 19:30ean. Plató pieza eszenikoak Platonen kobazulo alegorikoaren sakonenera gerturatuko du publikoa.

Lanaren nondik norakoak hemen dituzue: “Hauek dira presoak. Leize honen barrenean eman dute bizitza osoa. Urtetan eta hamarkadetan mundu bat sortu dute itzaletatik. Eguzkiaren argirik gabe, baita zerurik gabe ere, sormen puruko egoera bat aurkitu dute. Azalean bizi garenontzat pentsaezina den egoera bat. Ezer eman ez denean dena irudikatua izan behar delako, dena oroitarazia izan behar delako, leizearen sakonenean pilatu diren objektuen bitartez, inoiz ikusi ez duten kanpoko mundu baten hondakinen bitartez, eta, agian, inoiz ikusiko ez dutena”

Gasteizen egoitza duten lau konpainien arteko lankidetzaren ondorioz sortu da pieza, eta Unai Lopez de Armentiaren zuzendaritzapean, Marina Suarez, Iara Solano Arana, Hannah Frances Whelan, Aritz Lopez, Helena Wilhelmsson, Unai Lopez de Armentia, Samuel Metcalfe eta Danel Ibisate arituko dira oholtza gainean, beti ere gure errealitatearen izaeraz galdera serioak proposatzeko.

Diogun moduan, Plató ikuskizunak Gasteizko 46. Nazioarteko Antzerki Jaialdia inauguratuko du irailaren 30ean, eta Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian izango da urriaren 1, 2, 3 eta 6, 7,8, 9an.

Exit mobile version