Erein argitaletxeak Jon Arretxeren Estolda Jolasak eta Ramon Saizarbitoriaren Lili eta Biok lanak plazaratu ditu azken egunotan.
Jon Arretxeren Touré sagaren 4. emana da azken lan hau. Oraingo honetan protagonistak “hondoa jo du, ez du bizirik jarraitzeko adorea ematen dion ezer. Oinazeak itsutu egin du, eta mendekua baino ez du gogoan. Ez du ondoriotan pentsatu, eta deportatu egingo dute, azkenean. Baina berak ez du imajinatu ere egiten zer duen zain bere jatorrizko Afrikan”.
Lan honen gaztelaniazko bertsioak ere argia ikusi du Juegos de cloaca titulupean.
Beste aldetik, Ramon Saizarbitoriak Lili eta Biok nobela mardula atera du. Lan honetako pertsonaia nagusiak, Faustino Iturbek Lili, “nerabezaroaren krisialdian bete-betean sartua dagoen hamabost urteko neska bizkorra ezagutuko du. Kalez kale garatutako solasean, Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lilik. Juan Aramendia falangista nafarraren sinadura erakusten dio Lilik idazleari, aitonaren poesia-liburu batean. Handik aurrera nobelaren tramak abiadura bizia hartzen du, isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatuz, baina batik bat, isil-gordean iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta ezinduaren mataza harilkatua”
Belaunaldi zaharragoak ondorengoari transmititu nahi liokeen ondare egiazkoenaren gainean egin du hausnarketa Saizarbitoriak.
