Nontzeberri

Espekulaziorako espazioa

Artium Museoak Xabier Salaberriaren Arkitekturarik gabeko erakusketa bat abiatu du urriaren 3ra arte. Hamaika proposamen artistiko biltzen ditu erakusketak, non argazkiak, instalazioak eta hainbat serietako objektuak ikusgai jarri diren. Erakusketa honen harira, argitalpen bat plazaratu du museoak Lars Bang Larsen idazle eta arte historialariaren testuarekin. Beatriz Herraez eta Enrique Martinez Goikoetxea izan dira Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketaren komisarioak.

Xabier Salaberriak bildu dituen lan horietako bakoitzak (artistaren azken ekoizpenei lan zaharragoak eta aurreko proposamenen memoria gehitu zaizkie) “bere izaerari eusten dio, baina, aldi berean, logika espazial beraren arabera erlazionatzen dira elkarren artean. (…) Salaberriak lehen planoan jartzen ditu espazioa eta honek portaera eta begiratzeko eta sentitzeko modua baldintzatzeko duen gaitasuna”.

Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) lana eskulturaren, diseinuaren eta espazioen antolaketaren eta arkitekturaren esparruetan kokatzen da. Oraingo honetan argazkia, marrazkia eta instalazioa dira artistaren proposamenak. “Espazio hori interpretatzen du eta bertan parte hartzen du hainbat erakusketa-displayren azterketatik abiatuta, aretoetan ibilbide-sistema bat marraztuz museografiaren alderdi teknikoen, arkitekturaren funtzioen eta historiaren eta paisaiaren eta lurraldearen irudikapenaren artean proposatutako gurutzaketetan barneratzeko.”

Arkitekturarik gabeko erakusketa bat erakusketak ukazioa bat dakar, eta espazioa, haren hormak, altuerak, ibilbideak… eta haiek gure jokabidea eta proposamenak ikusteko eta sentitzeko modua aztertzen du. Hortaz, “Salaberriak espekulaziorako espazio bat sortzen du, arkitekturaren, erakusketaren eta displayaren boterean pentsatzeko, eta horiek narratiban eta gure irakurketan nola eragiten duten ikusteko”.

Erakusketa eta egile interesgarri horren gaineko xehetasunak Artiumek dauzka.

Exit mobile version