Euskadiko Orkestrak ostiral honetan 22-23 Denboraldiko seigarren programari ekingo dio, eta ziklo horri Esnaera izena jarri dio. Hala, datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan bost kontzertu programatu dira: gaur, otsailak 17, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta ostegunean, otsailak 20 eta 23, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteartean, otsailak 21, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, otsailak 22, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Programa honetan bi konpositore izango dira protagonista. Alde batetik, Ramon Lazkano, bere Mare marginis pianorako kontzertua mundu mailan estreinatuko da. Alexander Tharaud izango du solista rolean, egungo pianista europarrik garrantzitsuenetako bat. Aditu handienetako bat kontsideratuta dago teklaturako Frantzian idatzitako musikan, garai guztietakoa, Rameauren eta Couperinen barrokotik hasi, Debussy, Ravel eta egungo sorkarietaraino.
Eta beste aldetik, Gustav Mahler (5. Sinfonia). Sinfonia honek agerpenak pilatzen jarraitzen du pantaila handian; izan ere, estreinatu berri den eta 6 Oscar saritarako izendatu duten Tár filmean Cate Blanchettek orkestra-zuzendari baten papera egiten du, hain zuzen ere, Mahlerren Bosgarrena prestatzen.
Robert Treviño izango da, beste askotan bezala, orkestraren zuzendaria.