Nontzeberri

Eskolartekoak bide onean dira

Martxoan hasi eta ekainera bitarte herrialde guztietan egiten ari dira eskolartekoak. Bizkaian, apirilaren 27an, 29an, maiatzaren 4an eta 6an jokatuko dira kanporaketak. Aurten ere idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 29an izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta maiatzaren 30ean nagusiagoena. Bat-bateko finala ere martxoaren 30ean izango da. Biak izango dira Aulestin.
Arabako lagunak orain hasiko dira, eta maiatzaren 14an, 15ean eta 21ean izango dira kanporaketak, Aramaion, Gasteizen eta Kanpezun. Finala, ostera, maiatzaren 23an jokatuko da, Aramaion.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteek maiatzaren 23an izango dute sailkatze saioa, eta finala, ekainaren 7an izango da Itsasun.
Dakizuenez, herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute ekainaren 13an, Arantzan (Nafarroa), 11:30ean hasita.

Beste aldetik, Gipuzkoako Herriarteko txapelketa bere azken txanpan sartu da, eta asteburu honetan azken finalaurrekoa izango da. Hala, maiatzaren 16an, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 (Zumarraga-Urretxu) eta Txingudi A (Irun) taldeak bilduko dira norgehiagokan.

Finala maiatzaren 30ean jokatuko da Aian, egun osoko egitaraua prestatu da horri begira. Goizean Gipuzkoako bertsolariekin poteoa, ondoren herri bazkaria eta arratsaldeko 18:00etan finala izango da.

 

Exit mobile version