Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa finalaren XXVI. edizioa, ekainaren 21ean jokatuko da Orion.
Eskolarteko Txapelketaren helburuak, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan dira beti. Horixe ere mantenduko da aurten.
Hala ere, aurtengo edizioan Eskolartekoa berritu egin da, filosofian eta formatuetan. Ikastolen Elkartea eta Bertsozale Elkartea azken urteotan elkarlanean egiten ari den bidearen beste emaitza bat gehiago da Eskolarteko berria.
Aurten, herrialde bakoitzeko 15-18 urteko txapeldunak eta txapeldunordeak elkartuko dira oholtzan, Orion. Eta noski! Euskal Herriko bertso-eskolentzat topalekua eta egun osoko festa izango da.
Hortaz, 11:00etan bat-bateko txapelketaren finala izango da, Karela kiroldegian. Arabatik Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz); Bizkaitik Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño); Gipuzkoatik Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia); Lapurditik Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine); Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka) eta Zuberoatik Ibai Capot (1997, Zalgize) joango dira.
Saioaren bukaeran, Maialen Lujanbiok jantziko dio txapela onenari. Festa giroak jarraituko du arratsaldean Obaneuke taldearekin.
