Arriaga Antzokiak Eskola Antzerkiaren urteroko emanaldi potoloa jasoko du igande honetan, maiatzaren 22an. 17:30ean hasiko den ekitaldian, Bilboko Udaleko Kultura Sailak hiriko ikastetxeetan sustatzen duen antzerki lehiaketa irabazi duten lanak eskainiko dituzte ikasleek. Aurtengo edizioan, hemezortzigarrenean, 562 ikaslek hartu dute parte.
Lehiaketa 1995ean jarri zen martxan, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko helburuz, eta normala denez, Eskola Antzerki Lehiaketako protagonistak 18 ikastetxe publikotako ikasleak dira, antzezlanak, moldaketak edo eurek asmatutakoak izan daitezkeelako.
Aurtengo edizioan saria jaso duten lanak zazpi izan dira: Ipuinetan barrena eta Mobilizatu zaitez Epalzaren Alarguna Eskola, Black and white mimoa! Arangoiti Ikastetxea, Kaktus gizagajoa José Orbegozo Eskola, La estrella de la paz Cervantes Eskola, Time warpers Ibarrekolanda Institutua, eta Kantauriko piratak Artxandape Ikastola.
Parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Baina, gainera, irabazleek euren sorkuntza lanak Arriaga Antzokiko eszenatoki pribilegiatuan aurkeztu ahal izango dituzte ikus-entzuleen aurrean.
