Bilboko arte zentroak Lehen astearteko hitzordua izenburuko zikloa abiatu zuen iragan martxoan, ikus-entzuleek zinea jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikus dezaten.
Hala, martxotik abendura bitarte, hilabete bakoitzeko lehen asteartean, film bat pantailaratuko dute; gaur, hain justu, Eskerrik Asko, Ugazaba! (François Ruffin, 2015, Frantzia) dokumentalaren txanda izango da, 19:00etatik aurrera. Egitaraua Filmazpit-ekin elkarlanean ondu dute.
Komedia-dokumentalak Serge eta Jocelyne Klur senar-emazteen istorioa kontatzen du: Krisi ekonomikoaren ondorioz, lanik gabe gelditu dira, munduko luxu konpainiarik sendoenean LVMH (Louis Vuitton, Dior…) lanean aritu ostean. Langabezia-prestazioa ere amaitu zaie; hortaz, 400 euro baino ez dituzte hilero.
“LVMH taldearen Ecce enpresan ari ziren Kenzo markako janzkiak josten, harik eta langabeziara bota zituzten arte: ugazabak produkzioa Poloniara deslokalizatu zuen”.
Egoera latz hori dela eta, pobrezian bizi dira Klur senar-emazteak, baina ez dira lotsatzen, ezta ezkutatzen ere. “Hona itxaropenezko film bat langileen zanpatze orokorraren garaiotan, menturaz ezkerreko jendeaz gain txiro zanpatu batzuek ere ikusiko dutena”. Frantzian sekulako arrakasta izan du filmak.
