Nontzeberri

“Ertibil” erakusketaren 40. edizioak 18 artistaren lanak hartu ditu

Bilboko Errekalde aretoan erakusketa ibiltari berria aurkeztu zen atzo, 18 artista berriren lanak jasotzen dituen Ertibil Bizkaia erakusketaren inaugurazioarekin bat eginez. Bertan abian den erakusketa ibiltariak Basauri, Arrigorriaga, Santurtzi eta Balmaseda bisitatuko ditu gero.

1983an lehenengo edizioa egin zenetik, ekimenak beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artistak babestu eta bultzatu ditu. Aurtengo edizioan 70 sortzailek parte hartu dute, eta horien artean, erakusketa osatzen duten hemezortzi obra hautatu dira.

Ertibil Bizkaiaren lehen saria Alazne Zubizarretarentzat izan da, Clotted Cream lanarengatik; bigarren saria, Lucia Pedregal “Luchin”-entzat, Lucinismo. Serie I lanagatik; eta azkenik, Mar de Diosek hirugarren saria jaso du Tres Satori zeramika lanari esker. Erakusketa osatuko duten beste artistak, honako hauek dira: Xabier Achurra, Izaskun Araluzea Itza, M. Benito Píriz, Lide Mikele Billelabeitia, Leo Burge, Ane Diez de Ulzurrun Rey, Iratxe Esteve Cuesta, Raquel F. Couto, Maider Gonzalo Salceda, Paula Huarte Cosin, Beñat Krolem, Mireya Moral Alzaga, Mikel Serna Bermejo, Amaya Suberviola eta Diego Vivanco.

Epaimahaia Iñigo Varona, Ertibil 2021 irabazi zuen artistak, Naia del Castillo, artista eta EHUko Arte Ederretako irakasleak, Jaime Cuenca filosofo eta arte-kritikariak, eta Miriam Alzuri Milanés, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea eta erakusketaren harira argitaratutako liburuko testuen egileak osatu dute.

COVID-19ak sortutako egoeragatik Japoniako egoitza artistikoak ez ziren burutu, hortaz, 2020, 2021 eta 2022ko edizioetako saridunek egonaldi artistikoak egingo dituzte aurten. Adibidez, Japoniara bidaiatu dute 2020an saria jaso duten pertsonek: Helana Goñi, Maite Leyún eta Daniel Llaria. Era berean, Iñigo Varonak, Nora Aurrecoecheak eta Natalia Suarezek Niponiako herrialdera bidaiatu dute 2021eko edizioaren irabazle gisa.

Erakusketa Bilboko Errekalde Aretoan izango da urriaren 12ra arte. Ondoren, Basauriko Ariz Dorrean izango da urriaren 17tik azaroaren 6ra, eta, ondoren, Arrigorriagako Euskaldunberri Erakusketa Aretora iritsiko da. Bertan, azaroaren 7tik 27ra bisitatu ahal izango da. Hurrengo geralekua Santurtziko Torre Jauregia izango da, eta azaroaren 28tik abenduaren 18ra arte egongo da bertan. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2022 Balmasedako Horcasitas jauregia iritsiko da abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 8ra.

 

Exit mobile version