Bizkaiko Foru Aldundiko Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak, XXXII. Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria aurkeztu du gaur goizean, Rekalde Aretoan. Berarekin batera aurtengo erakusketako artista saridunak izan dira: Maria Azcona, Kristina Losa eta Oihana Torre.
Ezaguna denez, erakusketa horrek gure lurraldeko artista berriak, eta beste tokiren batetik etorrita, euren sormen-lana Bizkaian garatzen duten artistak ere lagundu eta sustatzea du helburu.
Rekalde aretoan paraturiko erakusketak ibilbidea ederra egingo du datozen hilabeteetan hainbat herritatik. Hala, hilabeterik hilabete, Leioa, Gernika, Lekeitio, Barakaldo, Elorrio, Basauri, Sestao eta Gasteizko Montehermoso zentroa ere bisitatuko ditu.
Ertibil 2014 edizioan 104 obra artistiko aurkeztu dira, eta guztietatik, Petra Maria Joss, Kepa Garraza, Miren Arenzana, Jaime Cuenca eta Ana Salaverri kideek osaturiko epaimahaiak, 14 obra aukeratu ditu eta beste hiru sari eman.
Lehen aipatu dugun bezala, hiru saridun izan dira. Lehenengo saria Maria Azconak eskuratu du 8848 metros izeneko obra batekin, non munduko mendirik altuenean gertatzen den tragedia irudikatu nahi izan duen. Hildakoak omen daude bidean eta hortxe ere garaipenaren ikurra onartzen da, “gure garaiaren onean eta txarrenaren sintomak”.
Kristina Losak Concrete izeneko obrarekin bigarren saria eskuratu du, eta Oihana Torrek 49 Kubo izeneko lanarekin hirugarren saria eskuratu du.
Erakusketa honetan parte hartzeko hautatu diren beste artistak ondokoak dira:
Julen Alberdi, Mikel Azcorra, Jon Ander Garcia, Leticia Gaspar, Alvaro Gil, Edurne Gonzalez, Gontzal Gutierrez, Eduardo Hurtado, Zaloa Ipiña, Miriam Isasi, Ibai Leon, Karlos Martinez B , Colectivo InToYourMind eta Andrea Suarez.
Erakustea Rekalde aretoan egongo da uztailaren 6ra bitartean, gero Leioara egingo du salto.