Baratxinto Fest jaialdiak bere 6. edizioa egingo du irailaren 11tik 13ra arte Erronkari, Burgi, Uztarroze eta Bidankozen. Ekimenaren helburua arte garaikidea landa-ingurunera hurbiltzea da, arte eszenikoak, kultura-bitartekaritza eta lurraldeari lotutako esku-hartze artistikoak uztartzen dituen programazio baten bidez. Era berean, artisten eta tokiko biztanleen arteko topaketa sustatzen da, “kultur sorkuntza, herritarren parte- hartzea, turismoa eta bailararen dinamizazio sozioekonomikoa bultzatuz”.
Aurtengo jaialdiak zenbait emanaldiren ondorengo bitartekaritza eta hausnarketa kolektiborako espazioak zabalduko ditu, artisten eta ikusleen arteko elkarrizketa bultzatzeko. Gainera, herri-bazkaria, mikro irekia eta artisten eta bertaratuen arteko topaketa informalak ere antolatuko dira.
Edizio honetan, programazioak zirkua, clowna, antzerkia, dantza, poesia, musika eta performanceak bilduko ditu “identitatearekin, kultura-aniztasunarekin, bizikidetzarekin, migrazioekin, giza harremanekin eta ongizate kolektiboarekin lotutako gaiak lantzeko”.
Diogun moduan gaur berton abiatuko da ekimena, Burgin, eta arratsaldeko 20:30ean Jean Philippe Kikolasen Calor pieza ikusi ahal izango da. “Zirku garaikideko proposamen bat, elkarrizketarako eta hausnarketarako mezu batekin, errefuxiatuen gizarte-arazoetan oinarrituta”.
Irailaren 12an, Iosu Sanz Udi artistak arte bizien, poesiaren eta musikaren performancea eskainiko du Bidankozen. Ondoren Badut taldearen Flamenkito pieza laburra izango da ikusgai. Haren atzetik, Ganso&Ciak Welcome&Sorry pieza famatua egingo du.
Ondoren, ekitaldia Erronkarira joango da, eta 19:00etan, Orain Bi konpainiaren Mute lana ikusgai izango da. Eguna amaitzeko, punk/rock kontzertua Fuera De Tono Izabako taldearekin.
Igandean, Uztarrozen, Gilkitxaro taldeak Alperrak, Tunanteak eta Maleanteak pieza egingo du. Eta ondoren, Ertza dantza konpainiaren Otempodiz ikusteko abagunea izango da.
Jaialdiaren jarduera guztiak zertan diren jakiteko: Baratxinto Fest.
