Haatik dantza konpainiak saio berezi bat eskainiko du gaur, hilak 27: Errimak bi oinetan lanaren azken emanaldia. Baina berezia ere izango da plaza, Petritegi Sagardotegian egingo dute Errimak bi oinetan ikuskizunaren azken emanaldia. Zergatik? Petritegiren 500. urteurrena delako eta Haatik Dantzaren 15. urteurrena delako.
Eta berezitasunekin segituz, arratsalde ederra pasatzeko giroa egongo da sagardoaren kulturak, dantzaren hizkuntza unibertsalak eta bertsoaren zuzeneko indarrak bat egingo dutelako bertan. Hortaz, bertaratzen direnak ospakizunaren parte izango dira.
Errimak bi oinetan lana “aldi oro bihurtzen da ezberdin, testuinguruak eta gaiak aldi oro aldatzen direlako”. Izan ere, bertso saioak bezala, antzoki eta areto handietan egiteko emanaldi egokia izan arren, espazio ezberdinetara erraz moldatzeko aukera emango duen formatu sinple batean oinarritzen da emanaldia, “areto txiki zein frontoi edo kaleko eskenatoki batean eskaintzeko aukerarekin”. Oraingo honetan, sagardotegia izango da espazioa.
Konpainiaren esanetan “Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, bertso-sorta zahar eta berriei mugimendua eman eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko aukera ematen duena”,.
Emanaldiaren ondoren, bertaratzen direnek bertso-afaria eta sagardoa gozatzeko aukera izango dute Petritegiko giroan. Afarian zehar, Sustrai Colinak eta Maddalen Arzallusek momentuari hitza eta erritmoa jarriko diote.
