Nontzeberri

Erriberriko 27. Antzerki Jaialdia “Lurraldea ospatuz” lelopean egingo da

Lurraldea ospatuz lelopean, Erriberriko 27. Antzerki Jaialdiak antzerki, dantza, zirku, clown, musika eta performanceak bilduko ditu bere programazioan, uztailaren 17tik abuztuaren 2ra arte.

Egitarauak, 31 emanaldi eszeniko eta musikal eskainiko dituenak, Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko konpainiak batuko ditu, eta gainera, Tafallara, Beirera, Pitillasera eta San Martín de Unxera ere zabalduko da. Guztira 27 konpainia arituko dira, eta horrez gain, bi sorkuntza-erresidentzia, hainbat prestakuntza-tailer eta publikoari irekitako topaketak ere izango dira.

Lurraldea ospatuz lelopean, jaialdiko zuzendari artistikoek ikuskizunen programazioa baino zerbait gehiago balitz bezala planteatzen dute jaialdia: “topaketarako, elkarbizitzarako eta pentsamendu partekaturako gune bizia. Edizio honek belaunaldi guztietako ikus-entzuleak gonbidatu nahi ditu, emozionatu, hausnarketa eragin eta tolerantzian, berdintasunean, inklusioan eta aniztasunean oinarritutako elkarrizketak irekiko dituen esperientzia batean parte hartzera”. Begirada horrekin, Erriberrik “lurralde dramaturgia propio, feminista, libre eta aldakor bat berresten du, tokiko eszena bultzatu eta nazioartera ere proiektatzen duena”.

Luze joko luke programazio osoa haizatzeak, baina euskarazko antzerkiari erreferentzia eginez, hilaren 23an, Dejabu Konpainiaren Itzulera lana ikusteko aukera egongo da. Antzerkia, zinema zuzenean eta poetika bisuala gurutzatzen dituen euskarazko road moviea.

Egun guztietako programazioa ikusteko: Erriberriko Antzerki Jaialdia.

Exit mobile version