Nontzeberri

Errenteria-Orereta OZ Zinema zineklubak “Son of Saul” aurkeztuko du

Errenteria-Orereta eratu berri den OZ Zinema zineklubak László Nemes zinegile hungariarrak filmatutako Saul fia (Son of Saul) pelikularen emanaldiarekin hasiko du bere ibilbidea gaur, Niessen aretoan 19:30ean.

Filma Holokaustoaren inguruan ardazten den lan izugarri eta mingarria da; 45 saritik gora jaso ditu, hain justu. Holokaustoa intimitatetik, subjektibotasunetik kontatzen da, horrorea ikuslearen azalean itsasteko. Emozio handiko lana da, baina hoztasunez filmatua.

Pelikulak, hain zuzen, 1944an, Auschwitz-eko kontzentrazio-eremuan preso dagoen hungariar baten istorioa biltzen du. Saul izeneko presoa Sonderkommando-etan egiten du lan; hots, gas-kameratan hildako gorpuak erretzen dituen taldeko kidea da. Gutxieneko moraltasunaren bila, semetzat hartuko duen umea salbatzen saiatuko da, errausketa-labean sar ez dezaten.

OZ Zinema zineklubak zine komertzialetik harago doazen beste bi film pantailaratuko ditu maiatzean eta ekainean. Abuztuan, gainera, kaleko emanaldiak egiteko asmoa dute.

Exit mobile version