Bilboko La Taller gune artistikoaren ikasturte berriak MawatreS, Mónica Ortuzar, Jone Elorriaga, Xare Alvarez eta Elena Mendizabalen artelanak hurbilduko ditu ekainera bitartean.
Hala, ikasturteari Juan Pablo Orduñez MawatreS artistaren “Erregelak eta Formak” erakusketak emango dio hasiera. MawatreSen proposamen artistikoak errealitatearen konplexutasun aldakorra ulertzeko ezintasunaren edo zailtasunaren nozioaren inguruan “orbitatzen” du.
Hala, arte garaikidea bitarteko gisa erabilita, hiri handietako monumentuak ditu hizpide artistak. Bere ustez, “monumentuak artez josita daude eta oinezkoak harrapatu eta trebatu nahi dituzte, iraganeko historiak eta etorkizuneko ikuspegiak helaraziz. Baina hiriak aldatu egiten dira. Denborarekin, dena aldatzen da: erregimen politikoa, sistema ekonomikoa, herrialdearen egoera geopolitikoa, hiriaren lan eta gizarte-baldintzak,… Eta horiekin batera, monumentuen esanahia, monumentuekiko tratua eta haienganako hartzen den jarrera ere”.
MawatreSen ibilbide artistikoa graffiti eta street-art munduan hasi zen. Arte Ederrak ikasi eta gero, esparru publikoan, oroimenean eta monumentuan garatu zituen bere ikerketak eta proiektuak, bai ekoizpenean, bai bitartekaritzan. Hainbat hizkuntza eta formatutan, bere ekoizpenek hurbilketa-testuinguruak sortzea dute helburu, historiaren kapitulu ezberdinak arteak argitzen dituen modu ez ohikoetan kontatu ahal izateko.
Horren lagin bat da, hortaz, La Taller gunera dakarren erakusketa. Berau, urriaren 14an inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan eta azaroaren 25era arte egongo da ikusgai.
Halaber, ekainera bitartean ikusgai egongo dira espezio honetan, beste hainbat artisten proiektu garaikide ere, horien artean Mónica Ortuzar, Jone Elorriaga, Xare Alvarez eta Elena Mendizabalen artelanak.
Informazio gehiago, lataller.com atari digitalean.
