Bilboko Udalak bat egin du gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin. Egun hori, mundu osoan errefuxiatuta eta desplazatuta dauden milioika pertsonen errealitatea ikusarazteko izendatu dute Nazio Batuek. Besteak beste, gatazka armatuetatik, indarkeria orokortuetatik edo etnia, erlijio, sexualitate edo iritzi politikoengatiko jazarpenetatik ihes egin duten pertsonak dira.
Hitzorduaren inguruan, “Gonzo” ezizenez ezaguna den Fernando González kazetari mediatikoaren Mis fronteras liburuaren aurkezpena egingo da. Aurkezpena eta ondorengo solasaldia datorren astelehenean, ekainak 26, izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrietako liburutegian, Kazetarien Euskal Elkargoaren eta KCD ONGDren (Zinema Ikusezinaren Jaialdia) laguntzarekin.
Fernando González kazetaria konpromisoaren eta lotura profesionalaren erreferentea da asiloaren eta babeslekuaren gaietan, LA SEXTA telebista-kateko El Intermedio eta Salvados programetan egiten duen lanarengatik, eta dokumentalak eta erreportajeak ikertu eta egiteagatik.
Mis fronteras munduko geografiako leku gatazkatsuenetan barrena egindako ibilbidea da. Aldi berean, bere belaunaldiko kazetaririk ausartenetako eta konprometituenetako baten bizipenak zeharkatzen dituen bidaia da. Horrez gain, solasaldian parte hartuko dute Rosabel Argote kazetari eta migrazio eta asiloan adituak, eta Mbaye Gil Sanchez erizain eta Senegal eta Euskadiren arteko garapen eta lankidetzarako Sunu Gaal elkartearen ordezkariak.