Azken egunotan Erein argitaletxeak hainbat liburu aurkeztu ditu. Berriena Uxue Razquinek idatziriko Nola esaten zaio agur ama bati izan da. Egileak bere amaren gaixotasuna eta heriotza kontatu nahi izan ditu, bai eta dolua ere, ausardia handiz. Testua latza bezain ederra da. “Beldur ematen diguten hitzak esaten dira hemen, esperientzia pertsonal mingarri bati oihartzun unibertsala ematen zaio eta, heriotza baten ostean, absentziaren bertigoa sentitu dutenei babesleku bat eskaintzen zaie”. Gaztelaniaz izandako arrakastaren ondoren, Irati Jimenez idazleak euskaratuta irakurri daiteke kronika samin eta sendagarri hau.
Poesiaren arloan, Jokin Erkoreka Abiok Odola eta gatza plazaratu du. “Hizkuntza arruntean kabitzen ez zaiona poema ezegonkorretan galkatzen du, belaunaldiko kezkei bere ontzu partikularra gehituz. Eta asko dira, izan ere, dituen ardurak: heltzearen biluzte morala, garaien antsia gorria, edo galeraren ukitu lakarra. Estilo xehe beste ankerrean, liburu honetako poemak ziurra dirudien guztia ifrentzikatzen saiatzen dira”.
Irari Garmendiak Titikornio liburua argitaratu du. “Ikuspuntu ezberdinetatik eta kapitulu motzen bidez Juneren minbiziaren prozesu osoa biziko du irakurleak. Estilo zuzena darabil Irati Garmendiak; badaki hitzak zorrozten min emateraino, eta badaki noiz leundu, kontakizunean arnasa hartu ahal izateko. Istorio hunkigarria eta indartsua da, minbiziaren errealitate gordina islatzen duena”.
Azkenik, Bilboko Udaleko Miguel de Unamuno XXVI. Saria eskuratu zuen Heriotzak bizi gaitu izeneko lanak argia ikusi du. Joxe Manuel Odriozolak idatzitako saiakerak gizakiaren galdera zaharrenetako bati heltzen dio: zer esanahi du heriotzak gure bizitzan? Filosofiaren, antropologiaren, zientziaren eta kulturaren ekarpenak uztartuz, egileak heriotzaren inguruko beldurrak, sinesmenak, paradoxak eta galdera existentzialak aztertzen ditu.
