Nontzeberri

Erakusleihoa antzerki programa, Donostian

Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, Erakusleihoa antzerki-zikloa izango da hil osoan zehar. Ekimenak hainbat diziplinetako lanak eta antzerki formatu txikiko ikuskizunak programatzen ditu, eta aurten, hiru ikusgarri proposatuko ditu.
Erakusleihoak arreta berezia jartzen du hainbat hizkuntz artistiko uztartzen dituzten obretan, sormenaren hausnarketa esperimentala eta ausarta bere helburuen artean dituzten horietan”.

Gaur, hilaren 10ean, izango da lehengo pieza Cía. María Andrés eskutik: Fràgil. Keinu bidezko clown eta poesia ikuskizuna da, non gizakiaren hauskortasuna (ametsak, itxaropenak, beldurrak, eta batez ere bizitzeko gogoa) aztertzen duen.

Hilaren 24an, Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain antzezleek Itzal(iko) bagina pieza egingo dute. “Pertsonaiek barruan dituzten itzalen eta kanpoko errealitatearen linboan elkar ikusten ikasiko dute. Egungo sistema indibidualistari kritika egiteko asmoa du obrak. Bertso munduan kokaturiko istorio bat izan arren, ez du bertsoaz hitz egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egin nahi du: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia…”

Azkenik, hilaren 31n, Hitza hots disko liburua aurkeztuko dute Karlos Gimenezek eta Nerea Gorritik. “Giménezek bizitzari eta bere magiari buruz eginiko gogoetak dira; batzuetan, pertsonaiak itsaso zakarretan murgiltzen dira eta beste batzuetan bakearen, lasaitasunaren, ilusioaren eta desioaren besoetan kulunkatzen dira. Olerkiak jatorrian gaztelaniaz idatzi baziren ere, Jabier Imaz Aierbek itzuli ditu eta Nerea Gorritik irakurtzen ditu Karlos Gimenezen pianoaren konpainian”.

Exit mobile version