Nontzeberri

Erakusketa Bilbon Gabriel Arestiren omenez

Gabriel Aresti bizirik dirau eta Euskaltzaindiak idazle bilbotarraren omenezko erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Liburutegian azaroaren 7ra arte: 50 urte ba(GA)rik.

Erakusketan, hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira eta, horiekin batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak…

50 urte bete dira idazlea zendu zenetik eta Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera eman nahi dira erakusketa honen bitartez. Gainera, bide batez, Arestiren ekarria balioan jarri eta beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi nahi da, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz.

Erakusketak itzulpen-lanetan ere jartzen du begia. Arestik Don Kixote Mantxako eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an (gero, Susak argitaratu zituenak, 1986an), Eugéne Pottierren Internazionala (gero Anaitasuna aldizkarian argitaratu zena, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (Lau gartzelak izenburupean, Lur, 1971) ekarri baitzituen euskarara, besteak beste. Bere idatziak ez ezik, idazlearen ahotsa entzuteko aukera ere ematen du Foru Liburutegiko laginak.

Horrez gain eta jakina denez, Arestiren lanetan leku berezia dute bai Bilbok («Bilbaoko kaleak, / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak…) bai Meli Esteban bere emazteak (Orienteko perlea / Nobia neurea / Biotzeko puskea / Melitxu maitea…»), eta erakusketa honetan ere nabarmen ikus daiteke hori dena. Azkenik, familiak lagatako objektu ugari dago erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak.

Exit mobile version