Nontzeberri

Entsegua, errepikapena eta bertsioaren inguruko erakusketa Montehermoson

Entsegua, bertsioa, errepikapena eta akatsekin lotutako kontzeptuei buruzko erakusketa kolektiboa paratu dute Gasteizko Montehermoso, arte garaikideko zentroan ekainaren 17a bitarte. Erakusketa In The Belly Of The Whale (Act III) izenburuarekin inauguratu zuten iragan martxoaren 2an.

Aipaturiko zentroak jakinarazi duenez, honakoa da “antzezle zerrenda”: Jesse Ash eta Cally Spooner, Edwina Ashton, Adam Chodzko, Côme Ciment, Winnie Cott, Jess Flood-Paddock, Anthea Hamilton, Donna Huddleston, Germaine Kruip, Jacopo Miliani And featuring Orson Welles: The One Man Band, by Vassili Silovic and Oja Kodar. Rosie Cooper and Ariella Yedgar, berriz, erakusketaren komisarioak dira.

Hala, zerrenda hori osatzen duten artistek askotariko lanak jarri dituzte Gasteizko zentroan. Esate baterako, Jess Flood Paddock erdian ostra erraldoi bat duen 25 metroko mihisea jarri du ikusgai; Anthea Hamiltonek berriz, metalezko eta sokazko panel sorta bat paratu du ur biltegiko sei metroko altuera duten arkuetan, edo eta graffiti distiratsu bat Gasteizko kaleetan, Winnie Cott egilearena.

Erakusketako titulua Orson Wellesek bizitza osoan Moby Dick lanarekin izan zuen obsesioan oinarritzen da. Gutxienez hiru egokitzapen zuzendu zituen. Hala, In The Belly Of The Whale (Act III) proiektu zabal baten hirugarren zatia da, izan ere, aurreneko biak Londresen eta Monakon egin ziren.

Erakusketa zabal honekin loturiko xehetasun guztiak Montehermosoren webgunean jasotzen dira.

Exit mobile version