Gerra garaiko umorea erakusketa abiarazi dute Bilboko Zabalgunean, Gerra Zibilean eta aurreko hilabeteetan Bilboko prentsan agertu ziren binetak publikoari ezagutarazteko. Bilbao Izan programaren barruan antolatu da, eta abuztuaren 18ra arte izango da zabalik.
Erakusketan, garai beltz hartako 15 egunkaritan (Tierra Vasca, Euzkadi, La Gaceta del Norte, El Nervión, La Tarde, Unión eta abarretan), argitaratu ziren 90 bineta inguru erakusten dituzten 16 panel jarri dituzte ikusgai.
“Euskadin gatazkak iraun zituen hamahiru hilabeteetan ehunka irudi argitaratu ziren, eta horietako batzuk bildu, aukeratu, marraztu eta zenbait gairen arabera antolatu dira erakusketa honetarako: 1936ko hauteskundeak, Fronte Popularra, Gerraren prestakuntzak, defentsa, bonbardaketak eta haiek eragindako suntsiketa, ebakuazioak edo gerraren amaiera. Binetek, inork zalantzan jartzen ez duen balio artistikoa izateaz gain, balio dokumental handia ere badute, lehen mailako dokumentu historikoak baitira, azken urteetako gure historiaren une jakin bat ezagutzeko”.