Nontzeberri

Enrique Renteria pintura lehiaketaren XXI. edizioa uztailean, Amorebieta-Etxanon

Uztailaren 7an, Sociedad Artístico Cultural Zornozak, Ametx Udal Kultur Erakundearekin elkarlanean antolatu du edizio berria, eta aurtengoa, berrikuntzekin dator.

Lehiaketak, bi modalitate sarituko ditu. Lehena, aire zabaleko ohiko pintura lehiaketa tradizionala izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek Zelaieta Zentroan zigilatu beharko dituzte euren mihiseak goizeko 09:00etatik 11:00ak bitartean. Egun berean adieraziko zaie lehiakideei margotu beharko dituzten leku edota motiboak, eta bakoitzak obra bat egin ahalko du. Sormen lanak aurkezteko, arratsaldeko 16:00etatik 17:00ak arte izango dute aukera.

Eta bigarren modalitateari dagokionez, Zintzilik  saria izango da, herriko balkoietan ikusgai jartzen diren lanik onenak saritzen dituena, hain zuzen. Bi modalitateetan saritzen diren obrak, Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan jarriko dira ikusgai abuztuan.

Guztira zazpi lan sarituko dira. Lehenengoak 500 euro eskuratu ahalko ditu; bigarrenak 400; eta hirugarrenak 350 euroko saria eramango du. Laugarrenari eta bosgarrenari 300 eurona emango zaizkie. Eta gainera, 200 euroko accesit bat egongo da, saririk jaso ez duen herriko lanik onenarentzat. Halaber, berrikuntzen artean aurten, publikoaren sari berezia egongo da.

Eta edizio honen beste berrikuntza bat, 14 urtetik beherako neska-mutikoentzat antolatu den pintura-tailerraren gunea izango da. Bertan parte hartzen duten ume guztiek, gainera, saria jasoko dute.

Lehiaketaren oinarrik eta informazio gehiagorako, Ametx.eus web atarian.

Exit mobile version