Kantu eta Hitza ekimena Iruñeko Udalak euskal musikari eskaini dion zikloa da. Aurten, maiatzaren 20tik ekainaren 24ra garatuko da, eta kontzertuak ostegunetan izango dira, 19:30ean hasita.
Iker Laurobaren inguruan osatutako musika taldearekin abiatu zen zikloa joan den maiatzaren 20an. Gero, maiatzaren 27an, Maria Rivero & Tribu Banda aritu ziren.
Gaur berton, ekainaren 3an, Eneritz Furyak kantariak kontzertua eskainiko du. Kasernarat taldean aritu ondoren, 2017an atera zuen bere bakarkako lehen lana. Hainbat sari jaso ditu, horien artean Gaztea Maketa Lehiaketako Kafe Antzokiaren saria, eta Euskal Herritik kanpo Katalunian, Galizian, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Suitzan eta Italian eman ditu kontzertuak.
Eneritz Furyakek Emadan lan berria kaleratu du, folk, pop edo postrocka elementu garaikideekin uztarturik, euskarazko kantuari beste ikuspuntua emateko. Eta betiko legez, gitarra eta sintetizadorez lagunduta bere ohiko zuzeneko ederra eskainiko du.
Aipaturiko kontzertuaren ostean etorriko direnak honakoak dituzue: ekainaren 10an, Petti; ekainaren 17an, Habia taldea; eta azkenik, ekainaren 24an, Ibil Bedi taldea.
Zikloaren gaineko jakingarri guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.