Ken Zazpi taldeko abeslari den Eñaut Elorrietak (Gernika-Lumo, 1975) Deserriko kantak (Elkar) izenburuko lana plazaratu du. Deserria kontzeptuaren inguruan ardazturiko 10 kantu bildu ditu bizkaitarrak. Horretarako, hainbat idazleren testuak egokitu ditu, tartean, Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga, eta Joseba Sarrionandia.
“Disko kontzeptuala eta literarioa da”, esan du musikariak diskoaren aurkezpenean. “Musikalki saiatu naiz letretan zegoen mezua eta arima babesten”.
Diskoa 2013ko udaberrian grabatu du Higain estudioetan, Haritz Harreguy teknikariaren gidaritzapean. Masterizazioaz Jean Phocas arduratu da, eta nahasketak Ruben Caballerok, Harreguyk eta Elorrietak berak egin dituzte.
Gernikarrak ondoan izan dituen musikariei dagokienez, Ruben Caballerok gitarra jo du, Txus Aranburuk pianoa, Igor Telletxeak bateria, eta Hasier Oleagak shakerrak eta bateria Geografia kantuan. Bestelako kolaboratzaileak ere izan ditu Elorrietak, tartean, Arkaitz Miner musikaria, zeinak biolina eta mandolina jo dituen Itzulera kantuan.
Diskoan pop kutsuko melodia klasikoak nagusitzen dira, folk kutsuko kanturen bat ere izan arren. Horretaz gainera, kantuetan pianoaren presentzia nabaritzen da, bai eta joera garaikideak ere. “Fusio antzeko bat izango litzateke: nire melodiak eta gaur egun egiten diren tendentzia berrietako musikak”. Estudioen parte hartu duten musikariek erantsi diote giro garaikide hori.
Bakarkako estreinako lan hau zuzenean aurkeztuko du Elorrietak hiru musikariren laguntzarekin. Hala, maiatzaren 18an, Lizarrako Golem aretoan izango dira, eta 25ean, Azpeitian. Ekainean, halaber, lau kontzertu egingo dituzte: Bermeo, Andoian, Bilbo eta Hendaia.
