Pablo Zuriarrain artistaren erakusketa zabalik duzue Zarautzeko Torre Luzea aretoan, abuztuaren 7ra bitartean. Egunero sortzen, ikasten eta formekin jolasean dabilen artista da, eta kasu honetan, bere mozioen atlasa izango duzue ikusgai.
Erakusketaren antolatzaileek hala deskribatu dute artista: “Pablorentzat kreatibitatea bizimodua da, arnasa hartzearen pareko. Bere lanak bere emozioak dira, eta, horiek, eskulturen bidez adierazi ditu azken hamarkada hauetan. Horretarako material ugari erabili izan ditu, besteak beste: egurra, beira, zinka, harria, burdina edo papera. Euskarri izateaz gain, bidelagun ere izan ditu. Azken batean, Pablo materialokin solasean ibili da, haiek ziotena entzun eta eskatzen zuten norabidean lanean jarraituz.
Horregatik materialen berebiziko izaera errespetatu dela suma daiteke lan bakoitzean. Jolas eta esperimentazio horrek ematen dio zoriona artistari, egunero sortzen eta zerbait berria ikasten baitabil, umeen antzera.
Materialen elkarrizketa horiekin islatu ditu Pablok barnean zituen ideiak. Mezu indartsuak eta mugimenduz beteak. Minimalistak eta konplexuak, aldi berean. Barruko energia ezin eutsi dabiltzan kaxak; gorputz hauskorren indarra agerian uzten duten zura zatiak; baita ihesean doazen aldizkari errenkadak ere. Estatismotik atera, eta ikuslea bera mugimenduan jartzea lortzen du. Obra bakoitza ikuspuntu desberdinetik begiratuz gero, emaitza anitzak hautemango ditugu. Maldak, arrakalak, zuloak, leuntasunak, geruzak, bolumenak, koloreak… Joko bisual horiek guztiak artistaren jolasaren parte dira.”