Nontzeberri

Emakumeen desioa

Pabellón 6 aretoko oholtzan, gaur, hilak 21, Llámalo X antzezlanaren bigarren emanaldia egingo da (lehena maiatzaren 14an izan zen). Llámalo X ikuspegi feminista duen eta LGTBIQ+ gaiak jorratzen dituen antzerki-komedia da. Espektatibei buruz, sexualitateari buruz eta desioari buruz berba egiten du modu errealista, dibertigarri eta ez-konbentzionalean.

Obran zortzi lagunek, Kombucha hartzeko gelditzeaz nekatuta, hobeto elkar ezagutzeko zerbait iraultzailea egitea erabakitzen dute: orgia. Horretarako, konfiantza, erabakia eta enpatia erabiliko dituzte… Kuadrillakoak dira! Zer atera daiteke gaizki?
“Orgia gizartearen fantasia sexual ohikoenetarikoa da; orokorrean gizonezko txuri hegemonikoengandik irudikatua. Baina… nola izango litzateke orgiaren iruditegi patriarkal eta heterosexualarekin apurtzea, orgia hau errealitate bat bilakatuz? Desira askatzaile hori sortzeko bidean egongo dira protagonistak. Hala ere, ez dakite euren muga eta oztopo propioak gainditu beharko dituztela”.

Ainhoa Artetxe eta Graciela Donizen dramaturgia da eta Ainhoa Artetxek zuzendu du lana, Kattalin Noizbehinka eta Graciela Donizen laguntzarekin, Ainhoa eta Gracielak Lizar Begoñarekin batera sortutako testu batzuetatik abiatuta. Nagore Armental, Ainhoa Artetxe, Paula Brezo, Goizane Casado, Graciela Doniz, Lara Hunting, Eva Laorden Madinabeitia, Nahia Martinez Gondra, Meri Moren eta Mariñe Zeberio Diez dira orgia berezi horretako protagonistak.

Emanaldia 19:30ean hasiko da.

Exit mobile version