Nontzeberri

Emakumeak kultura- eta sormen-ekosisteman duen ordezkaritzaz

Gaur Parabolikak aurkeztu da, emakumeak kultura- eta sormen-ekosisteman duen ordezkaritzari buruzko gogoeta egingo duen proiektua.
“Artistak, idazleak, Arte Ederretako irakasleak, youtuberrak, rap abeslariak, bertsolariak, eduki-sortzaileak… Bihartik aurrera eta lauhileko honetan Azkuna Zentroan lau LABetan bilduko diren emakumeen zenbait profil dira, emakumeek zer kontsumitu gura duten eta kultura- eta sormen-ekoizpenean zelan egon gura duten ordezkatuta galderei erantzuteko. Euskadin, emakumeak dira kultura-kontsumitzaile nagusiak”.

Lehenengo edizio honetan, Parabolikak ekimenak emakumeak kultura- eta sormen-ekosisteman duen ordezkaritzari buruz egingo du gogoeta bi gai hauen inguruan: Emakumeek zer kontsumitu nahi duten eta zelan ordezkatuta egon gura duten kultura- eta sormen-zerbitzu eta produktuetan.

Hamaika emakumek osaturiko lantaldea osatu da, eta bertan badira artista plastikoak, youtuberrak, idazleak, Arte Ederretako irakasleak, bertsolariak, rap abeslariak, eduki-sortzaileak… arlo eta diziplina askotako profesionalak dira.
Jardunaldietan parte hartuko duten hamaika emakumeak hauek dira: Garazi Ansa (EHUko irakaslea, arte kritikaria eta ikertzailea); Txaro Arrazola (diziplina anitzeko artista); María Arriera (sortzaile plastiko eta eszenikoa); Elena Caballero, LaBasu (Euskadiko rap munduko pertsonarik adierazgarrienetako bat); Maite Esparza (komunikatzailea, gidoilaria eta idazlea); Jatou Fall (Devenir elkarte soziokulturaleko presidentea); Oihane Iraguen Zabala (Arte Ederretako irakaslea eta Artiatxeko komisarioa); Elisa L. Ramírez (artista); Erika Palacios, Erikainblue izenez ezagunagoa (artista digitala); Itxaso Paya (sortzailea, bertsolaria eta Zelako Kultur Ideak taldeko kidea); eta Miren Sanz (topografoa eta kultura- eta sormen-kontsumitzailea).

Bihar, irailak 24, asteartea, egingo da lehenengo LABa, azterketarako eta hausnarketarako lankidetza-gunea, eta aipatu dugun moduan, zer kontsumitu gura dugun eta zelan egon gura dugun ordezkatuta izango dira gai nagusiak.

Karraskan elkarteak antolatzen du ekimen hori (Euskadiko kulturako berrikuntza zein berrikuntzaren kultura sustatzeko elkarte profesionala), eta bere proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren eta Azkuna Zentroaren laguntza du.

Xehetasun guztiak: Parabolikak

Exit mobile version