Erandioko Josu Murueta Kultur Etxean dago gaurtik urriaren 19ra “Emakumea eta euskal pilota” erakusketa ikusgai.
Pilotan, erraketa modalitateetan, bai zesta puntan, kirolari profesional moduan aritu ziren emakumeei omenaldia egin nahi izan diete. Pilotak beti izan du indar handia euskal kulturan, baina gizonezkoei hain lotuta egonda, lehenengo urteetan disziplina hauetan ibilitako emakumeak itzalean geratu dira, eta profesional hauen memoria berreskuratu nahi izan dute.
Bere garaian, emakume hauen ospea eta abilezia prentsan, literaturan edo zineman islatu zen, eta indar eta errespetu hori berreskuratzeko ahalmenarekin dator erakusketa hau. Ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantailen bidez, emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den dokumentazio ia guztia ikusteko aukera dago.