Nontzeberri

Emakume eskultoreren erakusketa kolektiboa, Iruñean

Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean, irailaren 14ra arte, Ikuttuz, Oreka Ukiezina izeneko erakusketa paratu dute. Bertan,  27 emakume eskultoreren erakusketa kolektiboa osatu da.

Erakusketa honetan ez da ikuspegien eta artisten estiloen aniztasuna bakarrik nabarmentzen, artearen garrantzia ere azpimarratzen da lotura- eta hausnarketa-bitarteko gisa. “Erakusketa arteak hitzetatik haratago komunikatzeko duen indarraren lekuko da, zentzumenen hizkuntza unibertsala erabilita arte-esperientzia sakon eta esanguratsuak eraikitzeko”.

Artistek ukitu ahal denaren eta ukitu ezin denaren mamiaz jardun dute eta ikusleak gonbidatzen dituzte irudimenarekin eta adimenarekin ere lanotan arakatzera. Izan ere, “eskultura bakoitzak istorio berdingabe bat kontatzen du, sortzaileen adimen, sentikortasun eta senaz ehundutakoa”. Eskulturekin sortzen den harremanak erakusketa ikustera joan direnei artearekin lotura sakonagoa bizitzeko aukera ematen die, non lanak emozioetarako zubi bihurtzen diren.

Erabilitako materialei dagokienean, denetarik dago, “harri hotza zein buztin epela, bakoitza arreta handiz hautatua kontzeptuak, emozioak eta oroitzapenak gogora ekartzeko”. Zizelkarien trebetasun tekniko eta artistikoaz gain, forma eta testuren bidez sentimendu konplexuak komunikatzeko gaitasuna ere agertzen da, eta hala, eskultore bakoitzak partekatu duen istorio edota emozioaren zati bat bere barnean eramango du ikusleak.

Exit mobile version