Nontzeberri

Emakume artistek abstrakzioari egin dioten ekarpenaz

Guggenheim Bilbao Museoak Emakumeak abstrakziogile izeneko erakusketa abiatu du emakume artistek abstrakzioari egin dioten ekarpenaren historia berrikusteko xedez.

Datorren urteko otsailera bitartean ikusgai izango den erakusketan “XX. mendea aztertzen da, 1980ko hamarkada arte gutxi gorabehera eta sartu-irtenen bat eginaz XIX. mendera”. Proiektuak tarte horretako unerik gogoangarrienak nabarmenduko ditu eta aldi berean, “zalantzan ipintzen dira abstrakzioaren kanonak”.

Beste diziplina askotan gertatu den bezalaxe erakusketa honek ere agerian jartzen du emakume artista horien lana markatu zuen ezaugarria, “ikusezin” bihurtzeko prozesua, eta ondorioz artista horietako askok generorik gabeko nortasun bat barneratu zuten. Beste batzuek, aitzitik, arte “femenino” baten alde egin zuten. Horrexegatik, Emakumeak abstrakziogile erakusketak hamaika galdera planteatzen ditu.

Beste aldetik, erakusketa honen helburua “artearen historia zalantzan jartzea da. Aztergai ditugun emakume artisten banakako ekarpenak azpimarratu nahi izan dira, aitzindariak izan ala ez; izan ere, artista guzti hauek, originalak eta bereziak, partehartze zuzena dute historia honetan”.

Erakusketa horren gaineko xehetasun gehiago Guggenheim Bilbao Museoak dauzka.

Exit mobile version