80ko hamarkadaren bukaera iritsi bitarte heavy metal musikak euskara ez zuen ezagutzen. Alabaina, hamarkada hartako azken urteetan Eibarko Su Ta Gar taldeak izaera ezberdin bat eman zion rock gogorrari: euskalduna.
Laukote hark gure hizkuntzan ere aritzea posible zela erakutsi zuen. 90eko hamarkadaren erdialdean euskaraz abesturiko heavy metalak lehen loraldi esanguratsua izan zuen Ehun Kilo eta Latzen bezalako taldeekin. Hamarkada berberaren amaieran, berriz, Idi Bihotz, Asgarth eta aurrerago Hira taldeek bigarren loraldia bultzatu zuten. Egun, hirugarrenaren zain gauden bitartean, hainbat taldek ilusio handienarekin heavy metala euskaraz sortzen dihardute. Eta ez hori bakarrik, baita disko batean bilduta gustu handiz hedatzen.
Azken eredua dugu Elbereth talde gipuzkoarra. Hamarkadekin jolasean jarraituz, 90eko hamarkadaren hasiera aldean metal ilunez jantzita Elbereth izeneko talde bat sortu zen Bilbon. Ibilbide diskretu baina kalitatezkoa bete ondoren banandu egin ziren. Hamar bat urte beranduago Legazpi aldean izen bereko boskote batek taldea finkatu, norabidea zehaztu eta heavy metal musikaren aldeko hautua egin zuen. Gainera, hasieran erabili zuten gaztelera albo batera utzi eta hitzak euskaraz behar zutela izan erabaki zuten. Zortzi urte igaro ondoren ilusioa oztopoen gainetik jarri eta Gaueko Ilargia aurreneko disko luzea aurkeztu digute. Bihotzarekin egindako testigantza.
Ez dira orijinalak. Ezta eszena osoko apartenak. Baina gustu handiz egindako abestiak entzun daitezke beraien aurreneko diskoan. Batzuk bizkorrak, beste batzuk geldoagoak baina denak heavy metal klasikoaren esentziarekin. Hitzetan ere ageri da normalean entzun izan duguna eta urteak igarotzen diren arren bat ez da nekatzen. baina batzuetan perla originalen bat atertzen da zerbait edota norbait gogora ekartzeko. Elurretako Lehoinabarra kantarekin horixe egin nahi izan dute. mendizaletasuna eta musika batu.
Abestiaren sorrera
Honatx taldekideen hitzetan kantu berezi horren nondik norakoak: “Elurretako Lehoinabarra abestia egitearen hautua, Xabier Ormazabal mendigoizale gaztearen heriotza ezagutu eta gutxira hartu genuen. Xabier berarekin harremana bagenuen arren, bere anaia Andonirekin adiskidetasun estu batek lotzen gintuen duela urte askotatik. Albiste ikaragarria izan zen Xabierren galera; sendi, adiskide eta ingurukoak lur jota geunden, eta nolabait ere gure omenalditxoa egin eta berari eskaintzeko beharra sentitu genuen. Balada bat egitea erabaki genuen, une latzaren sentimendu osoa adieraztekotan, abesti triste bat, baina itxaropen ukitu bat espresatu beharko zukeena, berak gehien maite zuen hura egiten utzi baikintuen, eta bere irribarre zabal hura ikustean oraindik ere sentiarazten dugun sentimendu baketsu hori adieraziko zuena. Ideia hori buruan, abestiaren zati instrumentala garatu eta ondotik letra idazteari ekin genion. Abestien melodiek tristura islatzen dute oro har, baina bada itxaropena, halako bizipen positibo bat adierazten duen pasarterik ere. Honi loturik, hitzen bidez gauza bera helarazten saiatu ginen. Sentimendu osoz idatziriko lerroak dira. Bertan, Xabierren azken une ilunen berri ematen dugu, momentu tragikoa, galera horren ikusmira alde poetiko baten bitartez adierazia. Baina letrek ere itxaropenari, berak gainontzekoei utzitako ondare eta baloreei pasu ematen die, bere bizi nahi, alaitasun, ongi-nahi guziaz kutsatzeko intentzioz. Amaitzeko gero arte bat esanaz agurtzen gara, dagoen lekuan egonda ere denbora kontua izango baita elkar ikustea…
Abestiari forma emanik, eta bere anaiarekin hitzegin ondoren, guzti hau bideoklip batean gorpuzteko erabakia hartu genuen. Andonik argazki batzuk utzi, eta argazkiok, zuzenean eta bideokliperako espresuki grabaturiko irudiekin tartekatuz, bideoklipa muntatu genuen. Egia esan azken emaitzarekin izugarri kontent gaude, irudiek, abestiaren soinu eta letrarekin mezua indartu eta sentimendua ezinhobe isladatzen dutelako.
Lan benetan txukuna egin zuen Egoitz Legorburuk grabaketa eta muntaiarekin. Ea orain jendeak bideoklipa ikusi eta helarazi nahi izan dugun sentimendu, sentsazio, oroitzapen eta omenalditxoa bereganatu eta dastatzen duen…”.