Elorrioko Udalak martxoaren 8a ospatzeko erakusketa bi abiaraziko ditu Elorrion kizketa zabalik emakumeon aniztasunari lelopean. Martxoaren 7tik apirilaren 21era arte ikusgai izango dira Elorrioko Iturri Kultur Etxean.
EZberdinak izeneko erakusketan Patxi Granadoren 34 erretratu ikusi ahalko dira. Argazkien bitartez, argazkilariak herriko emakumeen aniztasuna islatu nahi izan du.
Eta beste aldetik, Elorrioko emakume artisten erakusketa kolektiboa ere abiaraziko da. “Animazioa, marrazkigintza eta margogintza jorratzen duten 10 emakumeren artelanak erakutsiko dira”. Deialdi irekia egin zen eta epaimahai batek aukeratu ditu erakutsiko diren 35 lanak. Elorrion jaio edo bizi diren artistok honakoak dira: Arantxa Arruabarrena, Çinta Altés, Debora Crespo, Maite Salsamendi, Marta Ortiz De Zarate, Nieves Medela, Rita Ugarriza, Maite Zubia, Kristina Balenziaga eta Mari Carmen Kortabarria.
Erakusketak aurkezteko, honako testua igorri digute: “Emakumea izatea ez da ezer. DENA da. Emakumeon arteko aniztasuna errealitate bat da, Elorrion eta munduan. Adina, sexua, balio kulturalak, generoa, sexu-orientazioa, beharrizanak, gorputzak, maila soziala, desioak, hizkuntza, jatorria, feminismoa eta feminismo-eza, familia-eredua, ikasketak, ideologia politikoa, sentimenduak, parte hartze soziala, gaitasunak, enplegua, enplegu-falta, sexu-praktikak, biolentzia, zaletasunak, zaintza, kirol-mota, identitateak, erlijioa, aukerak, aukera-eza… GUZTIONTZAT DENA EZ-BERDINA DA, DENAK EZ-BERDINAK.
Aniztasuna da gure artean ezaugarri nagusi. Eta ideia horretatik emakumeak begiratzen baditugu, errazagoa da emakume anitzak topatzea, baita emakume EZ-BERDIN bezala ditugun zailtasunak eta eskubideak ere, Elorrion eta munduan.
Aniztasunaren ideiatik emakumeon errealitatea ulertzeak aukera gehiago ematen digu bereizkeria eta asimetriak saihesteko. Berdintasuna eta Aniztasuna uztartzea lortu behar dugu. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, jendarteko esparru guztietan parte hartu ahal izateko aukera berdintasuna eta emakumeon arteko aniztasuna gure ardatzak dira emakumeon eskubideak aldarrikatzeko eta berdintasunaren aldeko aliantzak sortzeko!”