Juan Carlos Pérezek konposatutako Saturraran opera Arriaga Antzokiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak koproduzitu dute. Sorkuntzan Kirmen Uriberen euskarazko libretoa jarri du, Lucia Astigarraga eszena zuzendaria izan da eta Jon Malaxetxebarria musika zuzendaria, Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta opera interpretatzen duten zortzi ahots solistak gidatuko dituena. Aste honetan bertan izango da estreinaldia, ostegunean, ekainaren 20an, 19:30ean; larunbatean, hilaren 22an, berriz, 19:00etan taularatuko da beste behin Bilboko antzokian.
Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. “80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu zuten babesa. José, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina den hori onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera… Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.”
Hortaz, Saturraran giro tragikoko ikuskizun bat da, baina “baita oso iradokitzailea eta hunkigarria ere”. Zuzendaritza eszenikoak estetika abstraktu baten alde egin du, Kirmen Uribek euskaraz idatzitako libretoak iradokitzen duen alderdi onirikoan arreta jarriz. Ikuskizuna euskaraz interpretatuko da, eta gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluak izango ditu.