Nontzeberri

Elena Odriozola ilustratzailearen panpinak kustomizatu dituzte

Elena Odriozola euskal ilustratzaileak Minimita izeneko panpina burutu zuen El hilo de Ariadna ipuinaren harira. Izan ere, ipuina oraintsu argitaratu dute Japonian.

Argitalpen hori baliatuta, Bilboko Alondegian dagoen Shopá dendak panpina horiek berreskuratu eta erakusketa atondu du. Erakusketa, baina, berezia da hainbat ilustratzailek panpinok pertsonalizatu baitituzte, tartean, Odriozola berak. Hala, erakusketan Odriozolaren lanak kustomizatuta ikus daitezke maiatzaren 23ra bitarte.

Blanca Gomez, Carmen Segovia, Mireia Pérez, Higinia Garay, Esti Hernandez,Yolanda Mosquera, Angela Alonso, Maria Carrasco eta Nuria Hernandez dira, Odriozolarekin batera, Minimita panpinak pertsonalizatu dituzten ilustratzaileak.

Elena Odriozola Euskal Herriko ilustratzaile onenetarikoa da, izan ere, bere lanek hainbat sari jaso dituzte. Esate baterako, 2009. urtean Euskadi Ilustrazio Saria eman zioten. Horretaz gain, eta ilustrazioaren esparrua gainditzeko xedearekin, duela bi urte eskulturez eginiko ipuina paratu zuen Donostiako Koldo Mitxelenan; txori, etxe eta zuhaitzez josi zuen galeria.

Exit mobile version