Lucas Marcheggiano, Eduardo de la Serna eta Adriana Yurcovich zinegileek zuzenduriko El Ambulante (Argentina, 2009) dokumentala proiektatuko dute ostegunean, uztailak 12, Elorrioko Herriko Plazan Hilean Behin izeneko zikloaren baitan. Emanaldia 22:30ean hasiko da.
Dokumentalak pelikula baten filmaketa kontatzen du. Herri txiki, bazterreko eta ezezagun batera auto zahar batean datorren gizon bat iritsiko da, Daniel Burmeister. Izan ere, bisitatzen dituen herrietan bere gidoiaren zati bat filmatzen du. Herriko agintariekin bilduko da eta fikziozko film luze bat egitea proposatuko die. Filmaren protagonistak agintariak eta herritarrak izango dira. Lan horren truke ostatua eta jatekoa baino ez ditu eskatuko du filma estreinatu arte. Hala, 30 egunez herritarrak pelikularen filmaketan murgilduko dira zinegile misteriotsu eta bakartiaren zuzendaritzapean. Filma komedia umoretsua da eta zinea artisautzarekin lotzen du.
Lucas Marcheggiano, Eduardo de la Serna eta Adriana Yurcovich zinegile argentinarrak dira eta hainbat proiektutan aritu dira elkarrekin azken hamar urteetan, gehienak fikziozko dokumentalak.
Elorrion ikusi ahalko den dokumentalak hainbat jaialditan parte hartu du eta sari batzuk ere irabazi ditu bere estreinaldiaren urtean, tartean, Munich hiriko Dok.Fest jaialdian, Chileko FIDOCSen eta Buenos Aireseko BAFICIn.