Joan den astean abiatu zen hainbat txokotan garatuko den 2019ko Ekozinemaldia. Aurtengo leloa, erauzketa-goseari hozka izango da, eta diogun bezala, hainbat herritan jarri ditu ikusgai film berezi eta esanguratsuak. Gaur berton, adibidez, Euskal Herriko hiri nagusietan zabalduko du bere programazioa.
Ondoko lerroetan azaldu dute antolatzaileek zein den panorama: “Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegiratu berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinituaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora. Azken egunetan makina birrintzailearen aitzinerako jauziaren froga berriak iritsi zaizkigu, hauen artean, Bolsonarok lege dekretu berri bat onartu izana, non Amazoniako milioika hektarea ustiatzea baimentzen duen, edota Venezuelan gauza litekeen esku-hartze militarra, herrialdearen baliabide energetiko eta mineralak eskuratzea helburu lukeena”.
Herri askotan izango dira emanaldiak. Non, zer, eta noiz jakin nahi baduzue, Ekozinemaldia jaialdiaren programazio guztia duzue hemen.
