Bizkaiko Foru Aldundiko museo eta aretoek egitarau anitza eskainiko dute uda honetan, eta kontzertuak, tailerrak, bisita gidatuak, artistekin topaketak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte.
Betiko legez, udan ere Arkeologi Museoak, Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, Enkartada Fabrika-Museoak, El Pobal burdinolak, Muñatones Gazteluak, Txakolinguneak, Rekalde Aretoak, Ondare Aretoak, Santimamiñek eta Omako Basoak askotariko jarduerak eskainiko dituzte adin guztietarako.
Hala, Arkeologi Museoak uztailaren erdialdetik aurrera Gazteluen inguruko erakusketa izango du ikusgai. Aldi berean, Arkeologi Museoak Arkeouda programa eskaintzen du astelehenetik ostiralera. Tailer eta jolas didaktiko askotarikoak eta dibertigarriak dira, arkeologia-piezek ezkutatzen dituzten historiak kontatzen dituztenak.
Arrantzaleen Museoak, Bermeon, haurrentzako tailerrak antolatu ditu uztailaren 5etik 8ra, ingurumenaren zaintzea ardatz hartuta. Gainera, uztailaren amaieran Izaro uhartea Natura eta Historia erakusketa berria irekiko da.
Euskal Herria Museoak, Gernika-Lumon, Mairin Mitchell, kazetari eta idazle irlandarraren inguruko erakusketa du ikusgai, Euskal Herriarekin lotura estua duen kazetaria da.
Balmasedako Encartada Fabrika-Museoak Valentziako Demetrio Ribes Katedrak sortutako Pioneras de la Ingeniería erakusketa du ikusgai aurten. Aldi berean, Ikasteko leku bat erakusketa bisitatu daiteke.
Muskizko El Pobal burdinolak udan zehar burdinolen erakustaldiak eta burdinolara bisita gidatuak eskainiko ditu. El Pobal burdinolak Barbadun ibaiaren inguruko biodibertsitatea ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Gainera, uztailaren 9an burdinaren ibilbide berri bat egingo da, Bizkaiko dorre eta burdinoletara bisita gidatuak. Eta Muskizetik mugitu gabe, Muñatones Gazteluak, Goazen Gaztelura! ekintza eskainiko du uztailaren 7, 14 eta 21ean. Bertan, haurrak Erdi Aroko gaztelu honen espazioak elkarrekin zeharkatzera gonbidatuko da.
Bakioko Txakolingunearen Museora hurbiltzen denak Bakioko margozaleak erakusketaz gozatu ahal izango du. Gainera, txikienentzat Muuuuu, bertokoaz elikatu tailerra antolatu du museoak, tokiko elikaduraren historian oinarritua.
Eta Rekalde Aretoak Irantzu Yaldebere artistaren lanak erakutsiko ditu abuztuaren 28ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Barriek programaren erakusketa da. Gainera, uztailaren erdialdetik aurrera Ertibil Bizkaia ikusizko Arteen erakusketa ibiltariaren XL edizioa hartuko du.
Ekimen guztiak www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsultatu daitezke.