Nontzeberri

Ekainera bitartean “Lumière Emanaldiak” antolatu dira

Apiriletik ekainera bitartean Lumière Emanaldiak antolatu ditu Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumière Institutuarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan. Guztira hamar film programatuko dira, “hainbat klasiko eta zenbait aurkikuntza”. Betiko zuzendarien lanak izango dira, hala nola C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton, besteak beste. Horretaz gain, hain ezagunak ez diren beste batzuen obrak ezagutzeko aukera ere egongo da, adibidez, Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta André Cayatte.

Proiekzioak apirilaren 14an hasiko dira Donostiako Tabakaleran, baina film guztiak Gasteizko Artium Museoan ere ikusi ahalko dira, baita Iruñeko Golem zinema-aretoetan eta EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan ere. Gainera, Donibane Lohitzuneko Le Select zinema-aretoetan zikloaren lau proiekzio egingo dira.
Lehenengo filma Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da. Dans la nuit filmari buruz Bertrand Tavernierrek esan zuen “poesia zinematografikoa” zela. Maelle Arnaud Lumière Institutuko programatzaileak aurkeztuko du Donostian. Donostiako emanaldian eta apirilaren 22an Bilbon egingo den horretan Joserra Senperena musikari donostiarrak zuzenean joko du. Three Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren emanaldian ere pianoa izango da protagonista. Senperenak musikaz lagunduko du istorioa Donostian eta Josetxo Fernández de Ortega Jaureguik Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Lumière Emanaldiak saioetan ikusi diren beste filmen gaineko informazioa hemen eskuratu ahal duzue.

Exit mobile version