Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 10ean hasiko da Arriaga Antzokian, eta makina bat herrialdetatik etorritako 128 filmek hartuko dute parte.
Zinebiren proiekzioak bi zatitan banatuko dira: Sail Ofiziala (nazioarteko bi lehiaketak barne) eta beste proiekzio batzuk. Sail Ofizialaren barruan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak 58 filmen aukeraketa bat aurkeztuko du, Estatuan estreinatzen diren 35 estatutatik datozenak. Horien artean, zazpi euskal ekoizpen (edo koprodukzioak), Jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko direnak. Gainera, Sail Ofizialeko ZIFF-ZINEBI First Film atalean 10 estatutatik etorritako 9 film luze lehiatuko dira.
Ohi den bezala, jaialdiak zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen du, eta 65. edizio honetan, Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes zinemagileei, eta Felix Linares kazetari eta zinema kritikariari emango dizkie sariak.
Jaialdiak bere palmaresa ezagutzera emango du azaroaren 17an. Sail Ofiziala-Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren irabazleen izenak Cannesko Zinemaldiko Short Film Corner programaren koordinatzaileak, Florian Fernandezek; Haruka Hama Yamagatako (Japonia) Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko zuzendariak; Mariana Hristova zinema kritikari eta programatzaile bulgariarrak; Estibaliz Urresola zinemagile euskaldunak; eta Alberto Vázquez animazio zuzendari, ilustratzaile eta marrazkilari galiziarrak osatutako epaimahaiak esango ditu. Eta Sail Ofizialeko ZIFF-ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketarako sariak Diana Bustamante ekoizle eta zuzendari kolonbiarrak; Birgit Kohler Berlingo Zinema eta Bideoarte Institutuko programazio-arduradunak; eta Rocio Mesa zinemagile espainiarrak osatutako epaimahai batek emango ditu.
Sail paraleloen barruan film luze dokumental onenetako batzuk ikusgai izango dira Beautiful Docs-Panorama de Documentales del Mundo sailean, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutako hamar film luzeren sorta. Gainera, euskal zinema berriena Bertoko Begiradak programazioaren barruan ikusiko da. Aurtengo edizioan 20 film labur eta sei dokumental izango dira sail horretan.
Jakingarri guztiak Zinebik dauzka.
